Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Besteiro, Julián

Espainiako buruzagi sozialista (Madril, 1870 - Carmona, 1940). Filosofian doktore (1895), Alemanian ikasketak sakondu eta Madrilgo unibertsitateko Logika katedra eskuratu zuen (1912). Krausismoa eta marxismoa, Alemanian sakon aztertu zituenak, dira Besteiroren pentsamenduaren iturburuak. PSOE eta UGTko batzorde nazionaletako kide hautatu zuten (1914 eta 1915) eta erakunde horietako lehendakari 1928an. Errepublikaren aldeko bazen ere, ez zen burgesiarekin lan egitearen aldekoa, baina tesi kolaborazionistak gailendu zirelarik, alderdiko karguak utzi zituen. Errepublikako gorte konstituzioegileetako lehendakari izendatu zuten. Haren tesi gero eta erreformistagoek ez zuten Largo Caballeroren jarrera erradikalen aurrerabidea galarazi eta 1933an sindikatuko karguak utzi zituen. Gerra zibilean Madrilen zen; Londresen diplomazia-saioak egin zituen negoziazioak abian jartzeko. 1939an Defentsa batzorde nazionalean esku hartu zuen. Preso hartu, betiko kartzelara kondenatu zuten. Presondegian hil zen 1940an.