Besarabia
Europa ekialdeko lurraldea, Dniester eta Prut ibaien artean, Danubio ibai-deltaren eta Itsaso Beltzaren iparraldean. Egun Moldaviaren eta Ukrainaren artean banatua dago. Hiri nagusiak: Kixinev (Moldavia); Bieltsy, Bendery (Ukraina). v Historia. Trajano enperadoreak konkistatu zuen Dazia Erresumaren parte egiten zuen Besarabiak II. mendean. Inbasio ugari pairatu zituen: bisigodoena, hunoena, bulgariarrena, eta beste hainbatena. 1367. urtean Moldaviako eremu bihurtu zen. XV. mendearen bukaeran otomanoen eskuetara igaro zen eta 1711-1812 bitartean errusiarrek hainbat alditan konkistatu zuten. 1878. urtean erabat bereganatu zuten errusiarrek. 1920. urtean, besarabiar gehienek errumaniar izatea aukeratu zuten erreferendumean. 1940an Sobiet Batasunak berriz hartu zuen Besarabia, Ipar Bukovinarekin batera. 1941ean Errumaniako osteek okupatu zuten, Alemaniako naziek lagunduta. 1944an sobietarrek eskuratu zuten berriro eta 1947an Parisko itunak berretsi egin zuen Besarabiari Sobiet Batasunak eman zion estatusa.