Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Errenazimentua

iz. Jesu Kristoren berpiztea. || Beheraldi baten ondorengo herri baten erti eta literaturaren berpiztea. v (B- larriz). Antzinateko Grezia eta Erroma eredutzat hartuta XV. mendean izan zen ideien eta ertien eraberritzea. v Erdi Aroaren amaia eta Errenazimentuaren hasierako urteetan (oso denbora laburrean) Sartaldeko gizartea oinarri-oinarritik inarrosi zuten aurkikuntza eta asmakuntzak egin ziren, Europan eta inguruko herrietan ere. Jakintza klasikoa berpizteaz gainera, Errenazimentuan kontinente berriak aurkitu eta esploratu ziren, Ptolomeoren astronomia sistemak hartu zuen Kopernikorenaren lekua, sistema feudalak gainbehera egin zuen eta komertzioa asko hedatu zen; garrantzi handiko berrikuntzak aplikatu edo asmatu ziren: papera, inprenta, itsasorratza, bolbora. Nolanahi ere, garai hartako pentsalarientzat ikasketa eta jakintza klasikoen eraberritze garaia zen hura batez ere, kultura pobretu zen urte luzeen ondoren heldua. Horretan erabakiorrak izan ziren Bizantziotik, otomanoek bultzatuta, heldu ziren jakintsuak eta testuak, horien bidez ezagutu ahal izan baitziren klasikoak.   
 v  Erdi Aroaren bukaeran, XII. mendean, hasi ziren Errenazimentua ekarri zuten aldaketa sozialak, politikoak eta pentsamenduzkoak. Horien artean nagusi dira Erromatar Eliza Katolikoaren eta Erromatar Inperio Santuaren ahalmenen beherakada, alegia, bizitza espirituala eta materialari antolamendu egonkorra eta baterakorra emateko ezintzasuna; hiri-estatuen eta nazioetako erregetzen gorakada, nazio hizkuntzen garapena, eta egitura feudal zaharren haustura.
 v  Errenazimentuaren izpiritua, azken aldian, hainbat eratan gorpuztu bazen ere, hasieran pentsaera mugimendu batek gauzatu zuen, humanismo deritzanak hain zuzen ere. Humanismoak hainbat ezaugarri ditu. Lehenbizi, gizakia bera, ikuspegi guztietatik, eta bere lorpen guztiekin, hartzen du gaitzat. Bigarren, filosofia eta teologia eskola guztien bateragarritasuna azpimarratzen du humanismoak, hau da, jakintzaren sinkretismoa. Sinkretismo horren ondorio da artearen eta artistaren unibertsaltasuna, eta horretxen eredu Errenazimentuko gizon handienetako bat, Leonardo da Vinci. Hirugarren, gizkaiaren duintasuna aldarrikatzen du. Erdi Aroko bizitza idealak bestelako bati egiten dio leku: penitzentzia zen Erdi Aroan giza jardueraren modu gailen eta nobleena; humanismoak berriz gauzak sortzeko borrokatzea eta izadia menderatzea du helburu. Azkenik, galdutako giza izpiritua eta jakintza berritzen saiatzen da humanismoa. Hura berreskuratzeko eginahaletan, ikuspuntu espiritual eta intelektual berri bat errotzen lagundu zuen humanismoak, jakintza mota berri bat garatzen. Hala, humanismoaren eraginez erlijio ortodoxiak ezarritako pentsamenduzko mugak hautsi egin ziren; galdera eta kritika librea ekarri zuen, eta gizonaren pentsakeran eta sorkuntzetan fedea sortu.   
 v  Zientzia: ikerketak eta aurkikuntzak. Esan bezala, Errenazimentu garaian garrantzi handia izan zuten zientzia aurkikuntzek; honen oinarrian zientziari buruzko ideien eraberritzea zegoen. Izadiari garrantzi handia eman zitzaion eta zientzialariek ikuspuntu berri batetik aztertu zituzten klasikoak, nahiz eta haiek esandako guztia onartu ez; klasikoek emandako teorien eta haiek egindako saioen azterketa horietatik sortu ziren astronomia modernoa, matematika, anatomia eta mekanika. Saioetan oinarrituriko metodoak eta metodo «deduktiboak» erabiltzen hasi ziren (Kopernikoren teoriari esker batez ere), aljebra berriaren oinarriak finkatu ziren (Italian batez ere), moldiztegia asmatu zen, dinamikari buruzko saioak egin ziren (Benedetti), … Anatomiak eragin handia izan zuen artearen hainbat alorretan (eskulturan eta pinturan batez ere).  
 v  Artea. Gai berriak lantzen hasi baziren ere (mitologia, erretratua, ikuspegiak…), Erdi Arokoak bezala Kristautasunari buruzkoak dira Errenazimentu garaiko arte lan geheintsuenak; irudiak eta askoz ere naturalagoak dira, ordea. Bestalde, ez dira hain zurrun eta geldiak, edertasuna eta bizitzearen poza adierazten baitute Errenazimentuko lanek. Bizitzaren beste zenbait alor bezala, artea ere «paganizatu» egin zen nolabait. Erromako eta Greziako klasikoen lanak hartu zituzten oinarri Errenazimentuko artistek, eta espazioa eta adierazkortasun indarra izan ziren haien ardura nagusiak.        
 v  Arkitektura. Profanoa izan zen hasieratik, eta gotikoak ia indarrik ez zuen hiri batean sortu zen, Florentzian; zailtasunak izan zituen katedral handien Europan sartzeko. Proportzio neurtuak erabiltzea, ordenak bata bestearen gainean jartzea, kupulak erabiltzea eta tamaina erraldoaik sartzea izan ziren Errenazimentuko arkitekturaren ezaugarriak. Quattrocento delakoan (XIV. mendeko Italiako Errenazimentuan) sarritan erabili ziren atxikituriko zutabeak eta pilastrak, kapitel klasikoak, fuste lauak, erdi puntuko arkuak eta kainoiak. Quattrocentoa eta XV. mendeko Errenazimentua (Cinquecentoa) bereizten dituzten ezaugarriak osagai txikiez eginiko apaingarriak, kupularen luzapena eta harri zakarrarekin edo harlanduekin eginiko fatxadak dira. Erroma izan zen Cinquecentoko arkitekturaren gune nagusia; Cinquecentoko arkitekturaren beherakada hasi zenean azaldu ziren barrokoaren lehen adibideak Erroman.  
 v  Eskultura. Antzinako tradizioan oinarritu zen, hura berriztatu bazuen ere. Gizakia goraipatzen zen, gizakiaren gorputzaren edertasuna, anatomiaren ezagutzari esker. Arkitektura bezala, Florentzian sortu zen Errenazimentuko eskultura, eta profanoa izan zen hasieratik. Adierazkortasuna eta formaren perfekzioa lortzea zuen helburu. Genero horretako lanik aipagarriena Florentziako bataiategiko ateetako behe-erliebeak dira. Ordura bitartean inoiz lortu gabeko sakontasun sentsazioa lortu zuen Ghibertik lan horretan. Michelangeloren biluziaren teknika bikaina izan zen Cinquecentoaren ardatza.      
 v  Pintura. Pinturak gorakada handia izan zuen garai horretan, ez Italian bakarrik, baita Flandesen eta Alemanian ere. Italian, Quattrocentoko pinturaren ezaugarriak marrazkiaren zehaztasuna, sfumatoa, dotorezia eta konposizioaren oreka izan ziren. Cinquecentoan Erroma eta Venezia bihurtu ziren eskulturaren gune nagusi; lehenengo hiriko pinturaren ezaugarria handitasuna izan zen (Rafael), eta bigarrenekoarena, berriz, kolorearen eta argiaren erabilera trebea (Tiziano, Tintoretto).       
 v  Literatura. Erdi Aroko literaturan nagusi ziren oinarri moralizatzaileen eta estetikoen aurrean, edertasunaren aurkikuntza da Errenazimentuko idazlearen helburu nagusia. Hala, bigarren mailan geratzen dira aurreko garaietako helburu moralizatzaileak. Idazleak gainera, bere autonomia aldarrikatzen zuen, tradizioaren, dotrinaren eta arauen gainetik. XIV. mendean bultzada handia izan zuen Italian, Danteren, Boccaccioren eta Petrarkaren lanei esker. Petrarka da bereziki, Errenazimentuko idazle guztiek jarraitu zuten eredua.         
 v  Musika. Italiako iparraldean sortu zen Errenazimentuko musika, Ars nova izenarekin, eta Errenazimentuko idazle handienen letrak erabili zituen. Musika berriaren lehenengo formak, frottola, ballata eta caccia izenekoak izan ziren. Denbora gutxira Frantziara hedatu zen mugimendua, eta Bartzelonako kondeen gortea Errenazimentuko musikak izan zuen gune aipagarrienetakoa bilakatu zen. XVI. mendean etorri zen Errenazimentuaren amaiera, hiru polifonista handiekin: Orlandi di Lasso, Palestrina eta Victoria.