Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berdeak

Pol. Ingurumenaren defentsa aktiboa bere programaren zutabe nagusia duen higikunde eta ideologiari atxikitutako organizazio politikoei ematen zaien deitura. Denbora luzean berdea izan da talde ekologista horien sinboloa. Alderdi politiko bat izendatzeko 1980ko hamarraldian erabili zuen lehen aldiz Alemaniako alderdi batek izen hau, Die Grünen (“Berdeak”). Ekintzaileon helburu nagusia ingurumena babestea da, baina ez da hori beren helburu bakarra, gizarteak bere balioak aldatzea ezinbestekotzat baitaukate, lehen helburu hori iritsiko bada. Die Grünen alderdiaren 1983ko hauteskunde programaren oinarriak ekologia, herri demokrazia, bakea eta justizia soziala ziren. ■ Lehen alderdi berdeak. Ingurumenari buruzko gai bat eztabaidagai hartzeko ahalegina egin zuen lehen alderdia Tasmaniako alderdi bat izan zen, United Tasmania Group (UTG, Tasmaniako Talde Batua); 1972an Australiako hauteskunde orokorretan azaldu zen lehen aldiz alderdi gisa. UTGko kideek, gainerako alderdi politikoak eta batzorde hidroelektrikoak Lake Pedder ureztatzeko elkar hartuta zeudela ikusirik, beren aukera bakarra hauteskundeetara aurkeztea zela erabaki zuten. Hala ere, taldeak ez zuen aulki bakar bat ere lortu. Taldearen programa zehazteko, UTGko buruzagi Richard Jonesek New Ethics (Etika berria) saiakera idatzi zuen, erkidegoari, zuzentasun politikoari eta ingurumenari buruzko bere doktrinarekin. Hilabete geroago, Zeelanda Berrian, munduko lehen alderdi berdea sortu zen: Values (“Balioak”). Europako lehen alderdi berdea, berriz, Britainia Handian sortu zen, 1973an, Zeelanda Berriko eta Tasmaniako alderdi berdeetan oinarri hartuta. Alderdia –People (“Herria”) deitua hasieran, Ecology Party (“Alderdi Ekologista”) gero, eta Green Party (“Alderdi Berdea”) azkenik– 1960ko hamarraldiko biztanle hazkundearen mugei buruzko eztabaidaren eraginpean sortu zen. Biztanle hazkunde azkarrak planeta, baliabideak sortzeko eta kutsadura bereganatzeko orduan, bere ahalmenen gainetik behartuko ote zuen beldurra zen eztabaidagaiaren muina. Eztabaida horren ondoriozko emaitzetako bat Nazio Batuen Ingurumen Programa izan zen, 1972koa, munduko ingurumen arazoen aurrean nazioarteko kontzientzia piztea helburu zuena. People taldeak bere programa politikoaren oinarriak Blueprint for Survival (1972, Bizirik irauteko programa) liburutik hartu zituen; liburuaren arabera, gizarte bateko ezaugarri nagusi jakin batzuk mugagabe gorde zitezkeen, gizarteko kide guztiak behar bezala hornituta ere. Ezaugarriak hauek ziren: prozesu ekologikoetan ahalik eta eten txikiena egitea; materialak ahalik eta gehien kontserbatzea eta energia aurreztea; biztanle hazkundea zero izatea; eta gizabanakoak lehen hiru baldintza horiek gozatzeko (eta ez pairatzeko) aukera izango zuen gizarte sistema edukitzea. Printzipio horiek alderdi berde gehienetako programetan aurkitzen dira gaur egun ere. Gainera, zerikusi handia dute hazkunde iraunarazgarriaren kontzeptuarekin; hau da, "herrien bizi maila hobetzen duen hazkundea lortzea planetak bizitzari eusteko duen ahalmena gainditu gabe" dioen ideiarekin. ■ Alderdi berdeen garapena. Herrialde industrializatuetan gero eta jende gehiagorengan sortu zen ingurumenaren hondamenaren kezka, eta alderdi berdeek, europarrek gehienbat, beren garapen aldi nagusia hasi zuten. Daniel Brélaz suitzarra izan zen parlamentu nazional baterako hautatu zuten lehen politikari berdea, 1979an. Belgikan, 1981ean, lau hautagai berdek lortu zuten aulkia Parlamentuan. Ez Suitzako kasuak ez Belgikakoak ez zuten oihartzun handirik izan. Baina 1983an, Die Grünen alderdiak, Petra Kelly buruzagi karismadunaren gidaritzapean, 28 aulki lortu zituen Bundestagen (Alemaniako Parlamentuko behe ganberan). Handik aurrera alderdi berdeak indar politiko berritzat hartu ziren. Harrezkero kontuan hartzeko moduko aulki kopurua eskuratu izan dute herrialde askotako eskualde gobernuetan, hemezortzi estatutako parlamentu nazionaletan, eta Europar Parlamentuan. Europar Alderdi Berdeen Federazioaren arabera hirurogeita hamar alderdi berde baino gehiago dago munduan. Arrakastak arrakasta, dena den, berdeek eragozpen handiak gainditu behar izan dituzte. Hauteskunde sistema batzuetan boto oinarri gutxiko taldeak baztertuta geratzen dira. Beren aurkari politikoek haiek proposatutako neurriak bereganatzen dituzte, sarritan, galdutako botoak eskuratzeko. Eta alderdi politiko tradizionalena ez bezalako bide bat hartu izan dutenez, sarritan ez dute lortu behar besteko indarrik organizazio gisa, edota beren estrategia politikoa behar bezala zehaztea. Hala ere, alderdi berdeek jasotako boto kopurua etengabe handitu da Austria, Belgika, Finlandia, Irlanda eta Suitzan. 1995eko martxoan, Pekka Haavisto finlandiarra gobernu nazional batean parte hartzea lortu zuen lehen politikari berdea izan zen: Ingurumen eta Plangintza ministro izendatu zuten. Europako bi hiriburutan, Dublinen eta Erroman, alkate berdeak hautatu zituzten 1990eko hamarraldiaren erdian. Europa Ekialdeko herrialde komunista ohietako alderdi demokratiko gehienak talde ekologistetatik sortu ziren: Ecoglasnot, Bulgarian; Danubioko Zirkulua, Hungarian, Biblioteka Ekologikoa, Ekialdeko Alemanian, eta Klub Ekologikoa, Polonian. Zenbait alderdi politiko berdek Ekialdeko Europako trantsizio gobernuetan parte hartu zuten, eta aulkiak eskuratu zituzten hauteskunde libreak deitu zirenean. Hala ere, alderdi berdeek boto galera handia izan zuten agerian geratu zirenean sistema sozial eta ekonomikoa berritzeko zituzten zailtasunak. Die Grünen berak, higikunde berdearen aitzindariak, horren ondorioak pairatu zituen eta bere 44 aulkiak galdu zituen 1990ean. Hala ere, hamarraldiaren erdialdean berriro itzuli zen Parlamentura eta lehengo lekua berreskuratu zuen; hau da, alderdi txiki baina itzal handikoa izan zen hain zuzen. Tasmanian Green Independents taldeak (Tasmaniako Berde Independenteak) Parlamentuko hogeita hamar aulkietatik bost ditu bereak, eta Values alderdia Zeelanda Berriko Alderdi Berde bilakatu da, Maori alderdiarekin elkar lanean, besteak beste. Japonian, Alderdi Berdeari Seikatsu Kluba gailendu zaion; honek kontsumo "berdea" bultzatzen du eta eragin handia izan du nekazaritzaren ekoizpenean eta ondasun manufakturatuetan. Espainian, 1980ko hamarraldian, zenbait alderdi berde sortu ziren, eta horie artean Los Verdes izenekoa nabarmendu zen. Afrikan, Asian eta Latinoamerikan ere bada alderdi berderik, baina Brasilgo Alderdi Berdea da tradizio zabaleko bakarra. Aginte politikoa eskuratzea oso zaila edo ezinezkoa den herrialdeetan ekologista independenteen aktibismoak oihartzun politiko handia izan du. ■ Etorkizuneko erronkak. Berdeen politikarekin politikaren aldi berri bat hasi zen 1990 ondoko urteetan. Gobernuek aintzat hartzen dituzte ingurumen arazoak, eta gainerako alderdi politikoek ere hazkunde iraunarazgarriaren aldeko neurriak hartzen dituzte. Alderdi berdeen lanari esker, gainerako alderdiek ere ingurumenaren defentsaren aldeko neurriak hartzen dituzte egun, eta ingurumenari buruzko legeak errazago onartzen dira berdeek Parlamentuan edo gobernuan parte hartzen dutenean. Belgikako berdeek, adibidez, produktuak berziklatzeko zerga berezi bat sartzea lortu zuten. Alemanian, Anje Volmer, Die Grünen edo Berdeen alderdikoa, Bundestageko lehendakariorde izendatu zutenez, berdeek eragin handiagoa izan zuten estatuko ekonomian.