Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beloki Iribarren, Ruben

Nafar pilotaria (Burlata, 1974). 1992an debutatu zuen Donostian eta urte bereko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen, euskal pilota erakusketa-kirola izan baitzen Joko haietan. 1993an bigarren mailako eskuz banakako txapelketa irabazi zuen. Eskuz banakako txapelketa nagusiari dagokionez, historiako txapeldunik gazteena izan zen Burlatako atzelaria, hogei urte zituela irabazi baitzuen bere lehenengo txapela 1995ean. 1998an ere eskuz banakako lehen mailako txapela jantzi zuen. Tartean, 1996an, Espainiako binakako txapelketa lortu zuen. 1999an, eskuz banakako txapela Patxi Eugirekin erdi bana lortu zuen, urte hartakoa ez baitzen ohiko txapelketa izan. 2000ko txapelketaren finalera ere heldu zen, baina Patxi Eugik bereganatu zuen azkenik txapela. 2001. urtean, beste bost urtez luzatu zuen Asegarce enpresarekin zeukan kontratua.