Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

behatoki

iz. Behaketak, astronomia eta meteorologiakoak bereziki, egiteko leku egokia.  v  Hist. Antzinatik sentitu izan du gizonak zeruko argizagiekiko eta gertaerekiko jakinmina. Lehenengo behatzaileak mendietako gailur soilduak aukeratzen zituzten behatokitzat, zeru zabala ikusi ahal izateko. Geroago monumentu tantaietara jo zen edo behaketerako bereziki egiten ziren eraikuntzetara. Hoang-Tikek K.a. 2697. urtean Txinan eraikitakoa da ezagutzen den behatoki zaharrenetako bat. Badakigu ere K.a. 2000. urte inguruan argizagien gorabeherak behatzen zituztela babiloniarrek estadio (225 m.) bateko goiera zuen Beloren tenplutik. Alexandriako behatokiak, Eratostenek K.a. III. mendean eraikiak, eman zion hasiera astronomia modernoari, handik Hiparkok ekinozioen mugimenduen zehaztasuna aurkitu baitzituen, eta Eguzkia, Ilargia eta planeten mugimenduak arrakasta handiz ikertu. Arabiarrek eta indiarrek ere atsegin zituzten zeruko gertaera hauek eta, era berean, antzina egin zituzten astronomia behaketarako eraikuntzak. Espainiako arabiarrek, 1196an, Sevillako Giralda dorre famatua eraiki zuten behatoki izateko. Gaur egun munduaren bost kontinenteetan zehar barreiatuta badira astronomia behatokiak, tresneria moderno oso zehatza dutenak. Altuera gorenetan kokatuetakoen artean aipatzekoak dira Misti gailurrekoa, Peruko izen bereko sumendian 1893an eraiki zutena, (5.852 metrotara dago eta bera da munduko altuena); Mont-Blanc-ekoa Suitzan, 4.810 metrotara, eta Peak Coloradokoa, 4.350 metrotara. Orobat, aipagarriak dira, Europan, Pic de Midikoak Frantzian, Jungfraujoch-ekoa Austrian eta Arosakoa Suitzan, Hafeleckar-ekoa Austrian, eta Gran Sasso-koa Italian.