Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bateson, William

Ingalaterrako biologoa (Whitby, Yorkshire, 1861 - Surrey, 1926). Lehenengo ikerketa garrantzitsuak balanoglosoen inguruan egin zituen. Balanoglosoek notokordioa eta bizkarreko nerbio korda bazutela frogatu zuen. Horren arabera animaliak kordatuak zirela baiezta zitekeen; horretaz, ornodunak ere kordatuen barruan sar zitezkeen, baita gizona ere. Kordatuak ekinodermoen ondorengoak direla frogatu zuen horren ondorioz. Ezaugarri guztiak ez zirela banaka jasotzen, aldiz, ezaugarri batzuk batera ere heredatzen zirela baieztatzen zuten Bateson-en saioek, Mendel-en heredentziaren legeen inguruan eginak. Heredentziaren ikerketari genetika izena ematea proposatu zuen eta hala zientziaren hiztegiari garrantzizko hitz bat gehitu zion.