Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bastres, Jean León

(«Aita Agustin Bastres»). Belokeko monasterio beneditarren sortzailea (Senpere, 1832 - Idiazabal, 1904). 1856. urtean apaiz egin zen. 1874. urtean Jean Leónek beste fraide batzuekin batera, Bastidako baserri bat hartu zuen, geroago Belokeko monasterio beneditarra izango zena. 1888. urtean Belokeko monasterioa abatetxe bihurtutakoan, Bastres abade izendatu zuten. Ahurtin Santa Eskolastikako beneditarren fundazioa sortu zuen (1883); Pauen San Leon zaharren egoitza (1895); 1899ean «Mission Palestinienne» delakoan Lurralde Santura jo zuen, eta urte berean Argentinako «Niño Dios» erakundearen ardura hartu zuen. Belokera itzuli zenean oso egoera txarrean aurkitu zuen monasterioa, Barne ministeritzak beneditarren kongregazioa 15 egunetan deuseztatzeko agindua emana baitzuen. Mehatxuak lur jota utzi zuen Bastres. Monasterioko fundatzaileek Ameriketara jo bazuten ere, Bastres ez zen Euskal Herritik atera. 1904. urtean hil eta bere gorpua Lazkaora eraman zuten. Hogei urte geroago fraideak Belokeko monasteriora itzuli ziren, Bastresen gorpua beraiekin eramanez.