Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barco, Patxi

Gipuzkoar antzezlea (Donostia, 1959). Zineman, telebistan eta baita antzerkigintzan ere, gidoilari, zuzendari eta antzezle lanetan aritu da hainbat urtean Patxi Barco. Antzerkigintzari dagokionez, D´Artagnan antzerki lanean parte hartu zuen 1993an. 1986. urtean Crímenes y locuras de Lope de Agirre obran lan egin zuen. 1997tik aurrera Ttantaka taldearen Shakespeare osoa antzerki lanean parte hartu du, besteak beste. Zineman, berriz, Albaniaren konkista (1983), La monja alférez (1986) eta El polizón de Ulises (1991) filmetan aritu da, beste batzuen artean. Zinema zuzendari bezala Pase negro film laburra aurkeztu zuen 1999an Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailan, eta lan horrek Europa saria eskuratu zuen urte bereko Bartzelonako Curt Fictions film laburren lehiaketan. Telebistan, antzezteaz eta gidoiak idazteaz gainera, errealizadore bezala ere ibilitakoa da. TVEko La bola de cristal (1990) programaren gidoilari izan zen eta Bertan zoro ETBko programan zuzendari, gidoilari eta antzezle bezala aritu zen. ETBko Bi eta bat (1993) zein Jaun eta Jabe (1996) telesailetan antzezle lanetan aritutakoa da. Errealizadore bezala Igeldo Produkzioak ETBrako prestatu duen Teilatupean telesailaz arduratu da 2000. urtean.