Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Barbacid Montalbán, Mariano

Espainiar biokimikaria (Madril, 1949). Minbizia sortzen duten geneen ikerkuntzaren aitzindaria da. 1974an Zientzia Kimikoen doktoregoa egin zuen Madrilgo Unibertsitate Complutensean, eta bekadun joan zen Estatu Batuetara. Minbiziaren jatorria ikertzen zuen zientzialari talde bat zuzendu zuen Bethesdako Minbiziaren Institutu Nazionalean, Marylanden. 1979an bere lan taldea eratu zuen institutu horretako Biologia Laborategian, eta hiru urte geroago onkogene zelular bat identifikatu zuten giza tumore batean (ordu arte erretrobirusetan baino ez ziren identifikatzen). Ingeniaritza zientifikoaren bidez, gaitzik gabeko zeluletan minbizia sor dezaketen geneak bakartu eta identifikatu zituen. Aurkikuntza horrek berebiziko garrantzia izan zuen minbizia eta Alzheimerren zein Parkinsonen gaixotasunak sendatzeko. Sari ugari jaso ditu, eta 1994an Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen. 1998ko martxoan Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionala sortzeko proiektua aurkeztu zuen Madrilen. Estatu Batuetako zenbait erakunde ospetsutan lanean jardun ondoren, Barbacid Espainiara itzuli da ikerkuntza-etxe hori zuzentzeko.