Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bannister, Roger

Britainiar atleta (Harrow, Middlesex, 1929). Milia bateko lasterketan lau minututik beherako marka egin zuen lehena da. Oxfordeko Unibertsitatean eta St. Mary ospitaleko medikuntza eskolan ikasi zuen. 1954ko maiatzaren 6an miliaren munduko marka hautsi zuen, Oxforden, 3,59,4 minutuko marka eginik. Bi hilabete igaro baino lehenago, John Landy australiarrak Bannisterren marka hautsi zuen, 3,58 minutukoa eginik. 1954ko abuztuan, berriz, Bannisterrek Landy garaitu zuen milia bateko lasterketan, Vancouverren (Kanadan). Munduko marka hautsi ez bazuten ere, lau minututik beherako marka egin zuten biek, inoizko lasterketarik ospetsuenetako batean. Urte horretan bertan kirola utzi eta medikuntzan hasi zen, lanbidez neurologoa baitzen. Autobiografia bat idatzi zuen, Lau minutuko milia (1955). 1975ean sir titulua eman zioten.