Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

balentzia

iz. Kim. Elementu jakin baten atomo batek edo erro batek hidrogeno atomo kopuru batekin konbinatzeko duen gaitasuna, atomo kopuru horrez adierazten dena. Lotzen zaion hidrogeno atomo kopuruaren arabera, atomoak balentzia 1, balentzia 2, balentzia 3 eta abar izan dezake. Horrela, beti hidrogeno atomo (H) bat konbinatzen edo eransten duen eta HCl (azido klorhidrikoa) lotura osatzen duen kloro gaiaren (Cl) atomoak balentzia 1 duela esaten da. sufrearena (S), H-arekin H2S osatzen duen elkarketaren balentzia 2 dela esaten da, etab. Balentzia ez da gaien ezaugarri iraunkor bat, horietako asko balentzia modu bat baino gehiagorekin jokatzen baitira; horrela sufreak bere balentzia 2,5 edo 6 izan dezake, fosforoak balentzia 3 eta 5-eko gisa erreakzionatzen du… Gai batzuek, nitrogenoak (N) esate baterako, batzuetan balentzia 2-rekin dihardute, NO2; eta beste batzuetan balentzia 1-ekin, amoniakoan adibidez (NH3). Balentzia 1 duen gai baten atomoa, sodioa (Na) kasurako, balentzia 1 duen gai baten atomo bakar batekin elkar daiteke, baina balentzia 2 duen gai batena, kaltzioarena (Ca) adibidez, balentzia 1 duen gai baten bi atomorekin elkar daiteke, kloroaren kasuan bezala, Cl-Ca-Cl lotura osatuz, edo balentzia 2 duen gai baten atomo bakar batekin, oxigenoarekin adibidez, eta Ca=O (kaltzio oxidoa) elkarketa osatu. Balentzia 3 duen gai baten atomoa balentzia duen gai baten hiru atomorekin, balentzia 2 duen gai batekin eta balentzia 1 duen beste gai batekin edota balentzia 3 duen gai bakar batekin elkar daiteke. Horrela ulertzen da zergatik dauden hainbeste elkarketa. Atomoaren osaeraz egun dagoen teoriaren arabera, elektroien azken geruzakoekin, azkeneko geruzan dauden elektroiekin alegia, zuzeneko lotura du balentziak. Balentzia positiboak eta negatiboak bereizten dira; positiboak atomoek beren kanpoko elektroiak galtzeko daukaten gaitasunari dagozkio, eta negatiboak, beste atomo batzuen kanpoko orbitatik elektroiak hartzeko edo irabazteko atomoek daukaten gaitasunari dagozkio. Atomoak gain-gaineko azalean gehienez zortzi elektroi eduki ditzakeenez, balentziarik handiena zazpi izan daiteke, eta gai batek bere kanpo orbitan zazpi horiek osatzeko falta zaizkion elektroiak adina balentzia negatibo eta bere kanpoko azaleko elektroiak adina balentzia positibo eduki ditzake.  v  Biol. Antigorputz batek antigeno batekin edo gehiagorekin bat egiteko duen gaitasuna.  v  Balentzia elektroiak. Kim. Atomoaren nukleotik urrunen kokatzen den geruzan ageri den elektroi kopurua; hau da, zenbaki kuantiko altuena duen geruzan dituenak. Elektroi hauek dira, hain zuzen ere, elementu jakin horren tasun fisiko eta kimikoak eragiten dituztenak.