Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Balaguer, Joaquín

Dominikar politikaria (Santiago de los Caballeros, 1907 - Santo Domingo, 2002). Santo Domingoko Unibertsitatean eta Parisen ikasia. Unibertsitate hartako irakasle izan zen 1938tik aurrera. 1930az geroztik Rafael Trujillo diktadorearen laguntzaile izan zen, eta diplomazia arloko karguetan aritu eta bere herrialdeko ordezkari izan zen NBEan 1947an. Gero Kanpo Arazoetako (1954-55) eta Hezkuntza (1955-57) ministro ere izan zen, eta 1960an, Trujillok bere kargua utzi zuenean, presidente izatera heldu zen. 1962an, Trujilloren hilketaren ondoren, estatu-kolpe batek kargutik kendu eta atzerrira jo behar izan zuen. 1965ean itzuli zen Juan Bosch-en jarraitzaileek iraultza ahalegina egin eta Estatu Batuetako armadak gatazkan parte hartu ondoren. Hurrengo urtean, Alderdi Erreformistaren buru gisa eta Estatu Batuen babesarekin lehendakari hauteskundeak irabazi zituen, eta 1970 eta 1974an ere berriz hautatu zuten. Ekonomia arloan egonkortasuna berreskuratu eta garapena bultzatu zituen arren, gizarte gatazkek eta gerrillarien ekintzek errepresiozko neurriak eragin zituzten. 1978 eta 1982ko hauteskundeetan ere lehendakarigai izan zen, baina ez zuen irabazterik lortu; bai, ordea, 1986, 1990 eta 1994an, nahiz eta azken hauetan iruzur egindako susmoak izan ziren. 1996an, aldiz, lehendakaritzan ordezkatu zuen Leonel Fernandez-en garaipenaren alde lan egin zuen, hauteskundeen lehen itzulian garaile izandako J.F. Peña sozialistari bidea ixteko Juan Bosch berberarekin hitzartu ondoren.