Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bach, Wilhelm Friedemann

Musikagile alemaniarra (Weimar, 1710 - Berlin, 1784). J. S. Bach eta Maria Barbararen lehenengo semea. Aitak berarentzat idatzi zizkion organo eta klaberako lanetan ikasi zuen, eta berehala hartu zuen organo-jotzaile onaren ospea. Zuzenbide ikasketak egin arren, ez zen musikatik aldendu eta organo-jotzaile postuetan aritu zen beti: Dresden (1733), Halle (1746), Brunswick (1770), Berlin (1774). Meza bat, kantatak eta organorako lanak idatzi zituen, gehienbat teklaturako konposatuak (12 sonata, 11 fuga, 42 polonesa, 11 fantasia, dozena bat kontzertu). Wilhelm Friedemann-ek finkatu zituen sonataren eta pianorako kontzertuaren forma modernoak.