Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azuela, Mariano

Mexikar idazlea (Lagos de Moreno, 1873 - Ciudad de Mexiko, 1952). Lehenengo eleberrietan nabarmena du naturalismoaren eragina (María Luisa, 1907), eta gizarteko bidegabekeriaren kontra egiten du horietan (Los Fracasados, 1908; Mala yerba, 1909). Azuelaren eleberri ospetsuena Los de abajo (1916, Behekoak) izan zen. Mexikar iraultzaren lehenengo eleberritzat hartzen da, eta idazlearen beraren esperientzian oinarritua da: militante bezala parte hartu zuen iraultzan, mediku teniente-koronel graduarekin, Juan de Medina jeneralaren agindupean. Zehazki kontatzen ditu gertaerak, buruzagi iraultzaileen jokaera, ohiturak, hizkuntza, baserritarren pentsamoldea garbi azalduz. Baina Azuelak ez du soilik historia berridazten, satirizatzea ere bada bere helburua: idazkeraren doinua hain da ezkorra, hain da ironikoa, ezen zenbait kritikariren ustez lan hori iraultzaren kontrakoa zen. Eleberri horretan defendatzen den erreformismo soziala eta ekonomikoa, Caciques (1917, Jauntxoak), Las Tribulaciones de una familia decente (1918, Familia zintzo baten estuasunak) lanetan ere erakusten du idazleak. Beste eleberri batzuetan Mexikoko gizartearen analisia egiten du: La Malhora (1923), Pedro Moreno, el insurgente (1934, Pedro Moreno, matxinoa), Sendas Perdidas (1949, Bide galduak).