Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azpeitia, Julene

Euskal idazlea (Zumaia, 1888 - Bilbo, 1980) Lehen ikasketak Zumaian bertan egin zituen, lehen mailako Majisteritza Donostiako Eskola Normalean, eta titulua Bilboko Normalean lortu zuen. Valladolideko oposizioetan lehenengo postua atera zuen (1911). Ezkondu ondoren Mexikon eman zituen lau urte (1916-1920). Euskal Herrira itzuli eta bere lanbideari ekin zion hainbat postu eta tokitan. Gerraren ondoren erbesteratuta, 1947an Bizkaiko Diputazioaren eskoletan irakatsi zuen berriro. 1949an zigortu egin zuten eta 1952 arte Burgos aldean egon behar izan zuen irakasle. 1958an jubilatu zen.  v  Azpeitia’tar Julene bere garaiko haur literaturaren alorrean nabarmena zen hutsunea betetzen ahalegindu zen, idazkera egokiz eta pedagogia senaz. Euskaltzain urgazlea, aldizkari askotan idatzi zuen: Euzkadi, Argia, Euskera, Ekin, Yakintza, Egan, Zeruko Argia, Karmel, etab. Hona hemen haren lanetako batzuk: Osasuna, merketza ta yanaritzaz (1922), sukalde liburua; Irakurri matte (1932), hiru liburuk osatu behar zuten bildumako lehena, gerra zela eta argitaraturiko bakarra; Amandriaren altzoan (1961), 100 ipuin biltzen duen liburua, Euskaltzaindiak deituriko lehiaketan saritua; Umien Adizkidea (1961), irakurtzen eta idazten irakasteko metodoa; Zuentzat (1974), haurrentzako ipuin eta irakurgaiak.