Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azkoitiko Zalduntxoak

(Esp. Caballeritos de Azcoitia) Izen honekin deitu zitzaien «Euskalerriaren Adiskideak Elkartea» (Real Sociedad Económica Bascongada de Amigos del País) sortu zuten hiru jaun ilustratu azkoitiarrei: Francisco Xavier Munibe, Peñafloridako Kondea; Manuel Ignacio de Altuna eta Joaquín de Egia, Narrosko Markesa. Frantziako entziklopedisten ideiak hartu eta ideia horien eraginez (Altuna, adibidez, J. J. Rousseauren laguna zen), Azkoitiako jauntxo hauek Muniberen etxeko tertuliara biltzen ziren, kultura eta zientziaren aurreramenduaz eta zabalkundeaz kezkaturik. Tertulia hauen fruitu izan zen 1764. urtean sortu zen Real Sociedad Económica Bascongada de Amigos del País aipatua.