Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azikiwe, Nnamdi

Nigeriar politikaria (Zungeru, 1904 - Lagos, 1996). 1925-34 bitartean Estatu Batuetan osatu zituen Nigerian hasitako ikasketak. 1937an sorterrira itzuli zenean, egunkari kate bat sortu eta herrialdeko politikagintzan murgildu zen, lehenik Nigeriako Gaztediaren Mugimenduan eta gero Nigeria eta Kamerungo Kontseilu Nazionala (NCNC) alderdiaren barruan lan eginez. Alderdi honetako kide gisa, Nigeriako Biltzar Legegilerako hautatu zuten 1946an, eta 1953-1959 bitartean, Ekialde Eskualdeko Lehen Ministro izan zen. 1959an, berriz, hauteskunde federalak irabazi eta Abubakar Tafawa buru zuen Iparraldeko Herriaren Kontseilua alderdiarekin batera koalizio gobernua osatu zuen. Hitzarmen horren ondorioz, Nigeriako Gobernari Federala eta Senatuko lehendakari izan zen Azikiwe 1960-1963 bitartean. 1963an, Nigeriako Errepublika aldarrikatu zenean, Azikiwe estatu berriko lehen lehendakaria izan zen, eta kargu horretan iraun zuen 1966ko estatu kolpea arte. Hurrengo urtean, Ekialdeko Eskualdearen askatasunaren aldeko matxinadan esku hartu zuen bere jarraitzaile igboekin batera. Azikiwe ahalegindu zen, baina ez zuen Afrikako beste herrialde batzuen laguntzarik lortu, eta 1970ean independentziaren ondoren Biafra deitu zen herrialdeak amore eman behar izan zuen. Honen ondoren, oposizioko kide eta 1972-75 bitartean Lagos-ko Unibertsitateko errektore izan zen. konstituzio berria aldarrikatu ostean, 1984an legez kanpo utziko zuten Nigeriako Alderdi Popularraren lehendakarigai izan zen, ozta-ozta irabazi zituen 1979ko hauteskundeetan.