Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Azaña y Díaz, Manuel

Espainiar politikaria eta idazlea (Alcalá de Henares, 1880 - Montauban, 1940). Zuzenbidea ikasia. Politikan Melquíades Alvarez eraberritzailearekin hasi zen. Acción Republicana taldearen sortzailea (1924), eta errepublika ekarri zuen batzorde iraultzailearen kide izan zen. Errepublikaren behin-behineko gobernuan Gerra ministroa izan zen eta armadaren eraberritzea abiarazi zuen. Hizlari ona, gobernuaren proiektuari buruzko eztabaidan nabarmendu zen, batez ere kleroaren aurkako klausulak aldezterakoan. 1933ko hauteskundeek ordura arteko politikaren gaitzespena ekarri zuten. Eskuineko gobernuaren bi urteetan esetsi egin zuten; bere alderdia berriro antolatu zuen, eta Izquierda Republicana alderdia sortu zuen. Frente Popular delakoaren ardatz zen alderdi honek 1936ko hauteskundeak irabazi zituen, eta maiatzean errepublikako lehendakari izendatu zuten. Gerra amaitutakoan Frantziara herbesteratu zen errefuxiatu politiko gisa.  v  Literaturgile fina: La pluma (1920) literatura aldizkariaren sortzailea eta 1923-1924 urteetan España aldizkariaren zuzendaria. Eleberri autobiografiko bat idatzi zuen: El jardín de los frailes (1926). Literatura kritikari gisa lan batzuk utzi zituen: La invención del Quijote (1934), eta Valera idazleari buruzko azterketa kritikoak. Politika elkarrizketei buruzko obra bat idatzi zuen gerra erdian: La velada de Benicarló. Georges Borrow-ren La Biblia en España itzuli zuen gaztelaniara.