Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

August, Bille

Suediar zinemagilea (Stockholm, 1948). Argazki zuzendari gisa hasi zen zinemagintzan. 1978an zuzendu zuen bere lehen filma, eta ondorengo urteetan telebistarako ere lanean aritu zen. 1983koa da bere lehen film ezaguna, Zappa, besteak beste Londreseko Zinema Jaialdiko film onenaren saria jaso zuena. 1987an Pelle, konkistatzailea filma egin zuen, Martin Andersen-en eleberrian oinarrituta, Canneseko Urrezko Palma irabazi eta 1988an atzerriko film onenaren Oscarrerako izendatua izan zena. 1992ko Intentziorik onenak filmak jaso zuen atzerriko filmaren Oscar saria, eta horri esker handiro egin ahal izan zuen Isabel Allenderen Izpirituen etxea eleberriaren zinemarako egokitzapena, diruz eta antzezlez. Eleberrietan oinarritutakoak dira era berean 1996ko Jerusalem, XX. mendearen hasieran beren herrian piztu den gehiegizko erlijiozaletasunaren ihesi Jerusalem-era alde egin nahi duten maitaleen istorioa, Selma Lagerlöff-en bi eleberrietan oinarritua. 1997an Smila, elurretako misterioa estreinatu zuen, eta urte berekoa da Miserableak, Victor Hugoren izen bereko nobelan oinarritua.