Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atarrabi

edo Atarrabio. Euskal mitologiako pertsonaia, Mariren seme zintzoa. Elezaharraren arabera, deabruaren leizean eskolatu zen eta ikasketak amaitu zituenean haren zerbitzari gelditu behar izan zuen. Hala ere, haitzulotik atera ahal izan zen, deabruak itzala kendu bazion ere. Atarrabi apaiz egin zen eta itzala meza ematerakoan soilik, sagara unean, itzuli ohi zitzaion. Zaharturik eta heriotza hurbil zuela ikusirik, itzalik gabe zeruan ezin sartuko zenez, sagara unean berean hil zezan eskatu zion sakristauari. Hitz emandakoa bi egunean egitera ausartu gabe, hirugarrenean burutu zuen sakristauak bere egitekoa. Beste zenbaiten arabera elezahar honen protagonista Atxular edo Axular izan zen. Badirudi, hala ere, Joan Atarrabiako, teologilari frantziskotarraren pertsonan oinarritua dela.