Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Astigarribia, Juan

Euskal politikaria (Donostia,1903 - Donostia, 1984), Euskadiko Alderdi Komunistako lehen idazkari nagusia izandakoa (1935). Gerra garaian, lehen Euskal Gobernuko partaidea izan zen, Herri Lanen ardura harturik. 1937an, Espainiako Alderdi Komunistatik kanpo geratu zen Juan Astigarribia, Euskadiko Alderdi Komunistaren independentzia osoaren alde agertu zelako. Latinoamerikan erbesteraturik, lanbide anitzetan ibili zen eta Kubako iraultzaren ondoan, Antilletako uharte horretara aldatu eta bertako Alderdi Komunistarekin jardun zuen lanean, hainbat kargu betez. 1960. hamarkadan Espainiako Alderdi Komunistak bere kideen artean onartu zuen berriro ere. 1982ko urtarrilean, erbestean berrogeita bost urte eman ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Euskadiko Alderdi Komunista Euskadiko Ezkerraren barruan sartzea bultzatu zuen. Alderdi horretako ohorezko lehendakari zelarik, abertzaletasuna eta ezkerra bateratzearen beharra agertu zuen hil zen arte.