Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Asegarce Producciones

1992. urtean sortutako ekoiztetxea. Pilotaren eta Karlos Arguiñanoren sukaldaritza saioen eskutik murgildu zen ikus-entzunezkoen munduan. Telebistarako ekoiztu dituen programen artean Bricomanía, Cocina con fundamento eta Frontón dira aipagarrienak. Zinemagintzan ere badihardu. Ekoitzi zuen lehenengo film luzea Juanma Bajo Ulloaren Airbag (1997) izan zen. Film honen arrakasta ikaragarriari esker, 1.200 milioi pezetako sarrera izan baitzuen, 2000. urtean Karra Elejalde eta Fernando Guillén Cuervoren Año Mariano (2000) ekoitzi zuen Asegarcek. Año Mariano eta Airbag filmak Espainiako zinema industriaren historian diru-irabazi handienak izan dituzten filmak izan dira. 2001. urtean, berriz, Etxaldeko erregea animaziozko proiektu berritzailearen bidez, aurrez egindakoen ildoa aldatu du Asegarcek erabat. Aurreko bi filmek umorea ardatz nagusitzat bazuten, hirugarrenean irudi errealak eta hiru zein bi dimentsiotan egindako animaziozko irudiak uztartu dituzte.