Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arteta Arrasti, Aurelio

Margolari bizkaitarra (Bilbo, 1879 - Mexiko, 1940). Euskal margolaritzak eman dituen artistarik garrantzizkoenetakoa da. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako eskolan ikasi zuen (1897tik aurrera) eta 1902an Parisa abiatu zen, Bizkaiko Diputazioak emandako bekari esker. Han artista flandestarren errealismoa, Albert Baertsoen margolariaren lana eta Paul Verhaeren poeta ezagutu zituen Belgika aldera eginiko bidaietan. Italian, Giotto edo Rafaelen muralek eragin handia izan zuten berengan. Beka bukaturik, Bilbora itzuli zen eta 1911. urtean Euskal Artisten Elkartea sortu zuen beste hainbat artistarekin batera. Erakustaldi batzuen ondoan, 1921ean egin zuen lehen murala (Banco de Bilbao, Madril). 1924an, Bilboko Arte Modernoko Museoko zuzendari egin zuten, baina hiru urteren buruan utzi behar izan zuen kargua. 1925ean bere bigarren murala egin zuen (Logroñoko Seminarioko kapera), 1930. urtean Espainiako Margolaritza Saria eman zioten «Las Bañistas» koadroagatik, eta 1932an lehen domina irabazi zuen Espainiako Arte Ederretako Erakustaldian, kutsu kubista nabaria ageri duen Naúfragos koadroagatik. Gerra Zibilaren hasieran Madrilgo Pintura Eskola Goreneko irakaslea zen. 1938an Miarritzen egokitu zen, eta gai bakartzat gerra zuten koadroak margotu zituen. 1940. urtean Mexiko aldera abiatu eta bertan hil zen, abenduaren 10ean, tranbien arteko elkar jotze baten ondorioz.  v  Bi oinarri nagusi ditu Artetaren pinturak: marraren nagusitasuna, marrazki azkar, bizkor eta zorrotzaren garrantzia, eta pertsonaiak gizartearen baitan kokatzea, obra guztia kutsu sozial batez janzten duena. Abstrakziotik urrun betiere, Artetak kubismo aldera jo zuen, nolabait, bere garapenean; marrazkiaren oinarrian, bolumenak eta kolore apalek, argilunik gabeak, gorpuztu zuten haren lana. Artetaren joera soziala, bestalde, izan zen bere lan guztietan nagusia. Euskal tradizio etnografikoarekin moztuz, lan giro berriak, lantegiak, hartu zuen leku bere lanetan: itsasoko jendea, meatzariak, langileak giro urbanoetan kokatuak. Artetaren lanari ez dario, ordea, inolako iraultza usainik. Egunoroko ikuskariak dira. Lan gutxi utzi bazituen ere (bere buruarekin larri, ezabatu eta berregin zituen margolan asko eta asko), Aurelio Arteta euskal pintura sozialaren aitzindaria eta lehen mural egilea izateaz gainera, Euskal Herriak eman duen margolari garrantzizkoenetakoa da.