Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arrupe Gondra, Pedro

Euskal jesuita (Bilbo, 1907 - Erroma, 1991). Madrilen Medikuntza ikasketak egiten ari zela, Jesusen Lagundian sartu zen 1927an, eta karrera bukatu gabe utzi zuen. Apaiz 1936. urtean, Cleveland (AEB) aldera bidali zuten aurrena, eta handik Japoniara abiatu zen (1938). Hiroshimako bonbardaketa atomikoa bizi izan zuen 1945eko abuztuaren 6an. 1954an Japoniako jesuiten buru egin zuten, eta 1965ean Jesusen Lagundiko Zuzendari Nagusi. Paulo VI.a aita santua hil ondoren, Joan Paulo II.a eliz buru nagusiaren eta Arruperen arteko lehiak okerrera jo zuen, eta Arrupek bere kargua utzi zuen. Lagundiak kargua uztea onartu ez zion arren, Arrupe kargutik aparte geratu zen gero tronbosiak jota. 1983an Lagundiak dimisio formala onartu eta Peter-Hans Kolvenbach holandarra ezarri zuen karguan. Pedro Arrupe Erroman hil zen 1991ko otsailaren 5ean.