Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arnaud, Georges-Jean

Frantses idazlea (Saint-Gilles-du-Gard, 1928). Ikasle zela idatzi zuen lehenengo lana: Ne tirez pas sur l’inspecteur (Ez tirorik bota ikuskatzaileari). Lan hori argitaratzeko Saint-Gilles ezizena erabili zuen. 1960. urtetik aurrera idazteari ekin zion eta bere benetako izena erabiltzen hasi zen. Idazle herrikoitzat hartzen da Arnaud; oso idazle oparoa izan da, laurehun liburutik gora argitaratu ditu, eta genero guztiekin saiatu da: polizia liburuak, espioiak, abenturak, fantasia, zientzia fikzioa, erotismoa eta baita lan historikoak ere. Arnauden lehenengo liburuetan nabarmena da Georges Simenonen eragina. Baina Arnaudek berehala hartu zuen bere bidea, bide berritzailea hain zuzen. Lehenengo polizia eleberriak eraikuntza burutsuak dira, inplikazio psikologikoekin eta egoera harrigarriekin. Baina 1965. urtetik aurrera gauzak aldatu egin ziren, frantses gizartearen ikuspegi kritikoagoa azaldu baitzuen. Gai klasikoak landu zituen, hilketak (Profil de mort, La tribu des vieux enfants), edo nortasunaren bilaketa, nortasun bikoitza duen emakume baten bidez (Tel un fantôme); gizon bat bere berdinaren aurrean (Les Imposteurs). Aldi berean, eleberri ekologikoak idatzi zituen, energia nuklearraren kontra (L´Enfer du décor, Brûlez-les tous, La Dalle des maudits) edo kimika enpresa handien kontra (Plein la vue). Bestalde, kondenatu zituen frankismoa (Tatouages), nazismoa eta antisemitismoa (Ils sont revenus), Aljeriako gerra garaiko tortura (Basse besogne). Baina gai bat zuen Arnaudek maiteen, etxea hain zuzen ere (Le Guet-apens, Tendres termites, La Maison piège, Le Veilleur). Arnauden azken gaia nagusia ihesa da (Le Pacte, Maudit Blood, La Vie truquée). Polizia liburuei dagokionez, berebiziko arrakasta izan zuen La Compagnie des glaces zientzia fikzioko sailarekin.