Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Armendariz, Montxo

Nafar zinemagilea (Oleta, 1949). Elektronika irakaslea zela, film laburrak egiten hasi zen. Elias Querejeta donostiar zinema ekoizleak eskaini zion bere lehen film luzea, Tasio (1984), egiteko aukera. 27 Horas (1986) bigarren film luzea Donostiako gazte talde heroinazale baten bizipenei buruzko filma izan zen. Las Cartas de Alou (1990) filmean etorkin afrikarrek Espainian jasaten duten xenofobia jorratu zuen Armendarizek. Film honekin Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen. Bost urte eta gero, giro urbanoa islatu zuen Historias del Kronen (1995) filmean; José Angel Mañas idazlearen eleberrian oinarritutako film horrekin Goya sarietan egokitzapen zinematografiko hoberenari emandako saria irabazi zuen. Bere filmik arrakastatsuena, ordea, Secretos del corazón (1997) izan da, Berlineko zinemaldian Aingeru Urdina, Europako film hoberenari ematen zaion saria jaso baitzuen, eta Hollywoodeko Oscar sarietarako film atzerritarren sailean izendatua izan zen. Arrakastaren zurrunbilotik ihes egiteko, lau urte itxaron zuen hurrengo lanari ekiteko. Silencio roto (2001) filmean ere harremanak eta maitasuna izan ditu gaiak, makien garaiko maitasun istorioa kontatuz. Filmaren zuzendari ez ezik, filmeko ekoizle eta gidoigilea ere izan da. Armendarizek 2000. urtetik zuzentzen duen Oria Films ekoitzetxearen lehendabiziko produktua da Silencio roto.