Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Armani, Giorgio

Italiar moda diseinatzailea (Piazenza, 1934). Moda egileen artean maisutzat jo izan da, eta bere diseinuetan dotoretasuna, kalitatea eta praktikotasuna bateratu ditu. Medikuntza ikasketak utzi eta argazkiak egiten hasi zen, eta gero, Milango erostetxe handi baten erakusleiho eta erosketen arduradun izan zen. 1961-1971 bitartean Nino Cerrutti-rentzat lan egin zuen, gizonen jantziak diseinatzen dituen enpresa garrantzitsu batean. Azkenik bere enpresa sortu zuen eta 1975ean erakutsi zituen lehen aldiz bere diseinuak. Irudia estilizatzen duten jaka informalak eta zabalak ziren Armaniren diseinuaren adierazgarriak. Bere estiloa gizonezkoentzat pentsatua baldin bazen ere, oso harrera ona izan zuen emakumeen artean ere, eta, beraz, emakume jantziak ere diseinatzen hasi zen. 1980ko hamarraldian atal berri bat sortu zuen bere diseinuak prêt-à-porter (seriean, neurririk hartu gabe) egiteko, merkeago eta jende gehiagok erosteko moduan. Urte horretan bertan Richard Gere-ren jantziak diseinatu zituen American Gigolo (1980) filmerako. Horrez gainera, bere ehunak diseinatzen hasi zen eta 1982an bere izena duen perfume sorta bat atera zuen. Mende amaierako Chanel deitu izan zaio, joskintza tradizionalean kirol jantzien gaiak txertatu dituelako.