Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argerich, Martha

Argentinar piano jotzailea (Buenos Aires, 1941). Lau urte zituela eman zuen lehenengo kontzertua, eta zortzi urte bete zituenetik aurrera kontzertu ugari eman zituen. Teknika Friedrich Guldarekin eta Nikita Magaloffekin landu ondoren, 1957an Genevako eta Bolzanoko nazioarteko lehiaketetan izugarrizko arrakasta izan zuen. Hala hasi zuen bere bakarlari karrera. 1965ean Chopin txapelketa irabazi zuen Varsovian. Musikagile erromantikoen (Chopin, Schumann, Liszt) interprete handia bihurtu da Martha Argerich bere jotzeko modu sutsuari esker. Aldi berean, XX. mendearen hasierako musikagileak ere interpretatzen ditu, hala nola Ravel eta Prokofiev.