Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arden, John

Britainiar antzerkigilea (Barnsley, Yorkshire, Ingalaterra, 1930). Cambridgeko Unibertsitatean ikasketak egin, eta arkitekto gisa lan egin zuen, antzerkigintzan hasi aurretik. Laster bereganatu zituen laudorioak bere lanetan, Brechten antzera, neurtitzak, prosa eta abestiak nahasten zituelako. Hasieran ez zuen inoren aldeko jarrerarik hartu, baina 1960ko hamarkadan “borrokalari bilakatu naiz” aldarrikatu eta helburu sozialista iraultzaileekiko konpromisoa agertu zuen. 1972az geroztik, antzerki herrikoiaren bitartez adierazi zuen filosofia berria bere emazte Margaretta D’Arcy antzezlearekin batera. Bere antzerki lanen artean, Live like Pigs (1958, Zerriak bezala bizi) eta The Workhouse Donkey (1963, Babesetxeko astoa) Ingalaterrako iparraldean kokatuak dira; Sergeant Musgrave’s Dance (1959, Musgrave sarjentuaren dantza), berriz, gerraren aurkako alegoria da, eta Ardenen antzerki lanik garrantzitsuenetakoa. Irlandako heroi politikoaren bizitza laburki biltzen duen The Non-Stop Connolly Cycle (1976, Connollyren amaigabeko zikloa) antzerki lana Dublinen antzeztu zuten, eta bertan antzezle profesional eta amateur ugarik parte hartu zuen. Beste antzerki lan aipagarriak dira: The Waters of Babylon (1957, Babiloniako urak); Left-handed Liberty (1965, Duda-mudako askatasuna); The Happy Haven (1961, Zorioneko kaia) eta The Hero Rises Up (1968, Heroia altxatu egin da), azken bi hauek emaztearekin elkarlanean idatzitakoak. 1978an, Nabaritasuna eskaini saiakeran azaldu zituen bere ikuspuntuak.