Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aranda, Vicente

Espainiar zinema zuzendaria (Bartzelona, 1926). 26 urterekin jaioterria utzi eta gurasoekin erbestera joan behar izan zuen, Venezuelara. 1959an itzuli zenean, ahaleginak egin zituen Zinema Eskolan sartzen, baina ez zuen lortu eta bere kasa ikasi behar izan zuen. Ia 40 urte zituela hasi zen zuzendari lanetan, eta bere lehen filmak “Bartzelonako Eskola” delakoaren barruan kokatzen dira, Fata Morgana, esaterako. Geroago, sexualitatearen gaiari heldu zion Cambio de sexo (1976) eta La muchacha de las bragas de oro filmetan. 1987an, Miró legearen babesean, hasi zen Arandaren ospea handitzen, Donostiako Zinemaldian Nazioarteko saria bereganatu baitzuen El Lute, camina o revienta (1987) filmarekin. Eleuterio Sánchez gaizkile ezagunaren autobiografiak izan zuen bere bigarren zatia ere: El Lute, mañana seré libre (1988). Arrakasta handiko film gehiago ere egin ditu; Amantes (1991) filmarekin, adibidez, film eta zuzendari onenaren Goya sariak lortu zituen, eta film honetan protagonistetako batek, Victoria Abrilek, emakume antzezle onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlingo zinemaldian. 1994an, ordea, Antonio Galaren eleberrian oinarrituriko La pasión turca filmatu eta eztabaida sutsua piztu zuen, arrakasta handirik izan ez arren halere, eta Libertarias (1995) filmarekin ere ez zuen arrakasta handirik lortu. Arandaren beste film batzuk dira: Asesinato en el Comité Central (1981); Fanny Pelopaja (1984); Tiempo de silencio (1986); Intruso (1993) eta La Mirada del Otro (1998).