Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arana Goiri, Luis

Euskal politikaria (Bilbo, 1862 - Santurtzi, 1951). Santiago Arana ontzigile karlistaren semea eta Sabinoren anaia zaharrena. 1873ko maiatzean, liberalen gudarosteak Bilbon sartzeko puntuan zirela, Santiago Aranak familia osoarekin alde egin zuen eta Baionan finkatu zen. 1876an familia berriro itzuli zen Bilbora. Arkitektura ikasketak Madrilen hasi eta Bartzelonan burutu zituen. Garai hartakoa da (1882) Sabinorekin izan zuen eztabaida ezaguna, Luisek tradizioz karlista zen anaiari nazionalismoaren ideia azaldu ziona. Campionek eragin intelektual handia izan zuen Luisen pentsamendu abertzalea moldatzeko. Bilbora itzulirik, anaiaren argitalpenen administratzailea izan zen. Euskal Herriaren burujabetasunaren aldeko agertu zen beti, eta Sabino hil ondoren abertzaletasunaren barruan auzi horren inguruan sorturiko gatazka guztietan burujabetasunaren alde jokatu zuen beti. 1906an Ramón de la Sota buru zuen sektore moderatuaren aurka, sektore erradikalaren bozeramailea izan zen, horretarako «Aberri» astekaria argitaratuz. 1915ean EAJtik kanpora egotzi zuten. 1916an «Euzkeldun Batzokija» berpiztu zuen, eta «Bizkaitarra» berrargitarazi. 1922an Gallastegi buru zuen «Aberri» taldearekin bat eginez, EAJ berriro sortu zuten. 1930ean Comunión Nacionalista-koekin bat egin zuten EAJ izenaren azpian. Estatutuaren aldeko jestioa ez zuen begi onez ikusi eta 1936an espainiarren arteko gerran euskaldunek esku hartzea gaitzetsi egin zuen. 1936ko urriaren 5ean EAJ utzi zuen. Gerra zela eta, Ipar Euskal Herrira igaro zen eta 1941ean itzuli zen berriro handik.