Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arago, Dominique-Francois

Frantziako fisikari, politikari eta astronomoa (Estagel, 1786 - Paris, 1853). Perpignanen egin zituen lehen ikasketak eta politeknika eskolan sartu zen 1804. urtean. Bureau des Longitudes bulegoan idazkari izan zen, eta erakunde horretako urtekaria idatzi zuen. Meridiano arkua neurtzen lagundu zion Biot zientzialariari. Berarekin neurtu zuen airearen eta beste zenbait gasen trinkotasuna. Fisikaren eta astronomiaren barruan hainbat alorretan egin zituen azterketak eta aurkikuntzak: optika, mineralogia, fisika kosmikoa eta geografia fisikoa landu zituen. Polarizazio magnetikoa aurkitu zuen, eta Copley domina eman zioten horregatik; elektrizitate eta fotometrian ere egin zituen behaketak; fotometro bat asmatu zuen. Analisi eta Geodesia irakaslea izan zen hogei urtean zehar, eta astronomiazko ikastaro bikainak ere eman zituen. 1848an gobernuan sartu zen herriak aukeratuta; Frantziaren kolonietan esklabotza desagerrarazi zuen. Luis Napoleonen gobernua sortu zenean utzi zuen politika. Gay-Lussac zientzigizonaren laguntzaile izan zen Annales de Physique et de Chimie lanean. Aragoren zenbait lan aipagarri: Astronomie populaire (Astronomia herriarentzako), Histoire de ma jeunesse (Nere gaztaroko historia), etab.