Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arabiar Liga

Zenbait arabiar estatu biltzen dituen erakunde politikoa, 1945ean sortua elkarren arteko laguntza sustatzeko, politika komunak adosteko eta arabiar munduak nazioarteko harremanetan pisu handiagoa izateko helburuarekin. 1990eko hamarraldiaren amaieran 22 herrialde hauek osatua zen Arabiar Liga: Egipto, Saudi Arabia, Siria, Jordania, Irak, Libano, Yemen, Libia, Sudan, Maroko, Tunisia, Kuwait, Aljeria, Qatar, Bahrein, Oman, Arabiar Emirerri Batuak, Mauritania, Somalia, Djibuti eta Komoreak, Palestinako Askapenerako Erakundeaz (PAE) gainera. ■ Historia. Arabiar Estatuen Liga, edo Arabiar Liga, 1943an Egiptok egindako deialdi baten ondorioz sortu zen. Egiptok proposatu zuen arabiar herrialde guztiak bilduko zituen erakunde bat sortzea, beren interesak aldezteko. Izan ere, garai hartan egoera nahasia zen Ekialde Hurbilean eta gainerako eremu arabiarretan (Bigarren Mundu Gerra, kolonien askatasuna, sionismoa, etab.). Egoera horretan sortu zen, beraz, Liga, arabiar herrialde zapalduen askatasuna lortzeko eta Palestinan estatu juduaren sorrera saihesteko. 1950. urtea arte laguntza militarra eman zioten elkarri Ligako herrialdeek, baina gerora merkataritzan eta ekonomian nabarmendu zen elkartasun hori. Bestalde, ekimen politikoak koordinatzeko edo elkarren arteko liskarrak konpontzeko gune gisa agertu zen hasieratik, baina huts egin zuen arabiar munduan ekimen bateratuak aurrera eramateko ahaleginean, herrialde bakoitzak bere interesak izaki. 1976an Palestinaren Askapenerako Erakundea onartua izan zen, eta handik bi urtera krisi larria gertatu zen erakundean, Egipto palestinarren etsai Israelengana hurbildu eta harekin Camp Davideko hitzarmena sinatu zuelako; gorabehera horren eraginez Egipto erakundetik egotzi zuten 1978an, baina 1987an arabiar buruzagiek berriro harremanak berreskuratu zituzten Egiptorekin, eta hurrengo urtean onartu zuten Ligan atzera. 1990eko hamarraldian Ekialde Hurbileko bake hitzarmenen bultzatzaile nagusia izan zen Arabiar Liga, eta nazioetako eta nazioarteko hainbat erakundetan arabiar munduaren interesen aldezle eta ordezkari izan zen. Horretarako ezinbestekoa izan zen Golkoko gerraren garaian Kuwaiten burujabetasunaren alde egin izana eta Estatu Batuak buru zituen nazioarteko koalizioaren alde agertu izana, Iraken erasoen aurrean. ■ Gaur egun Arabiar Ligaren lan aipagarrienak gizarte, kultura, ekonomia eta politikaren alorrean antolaturiko egitasmoak dira. Alde horretatik garrantzi handiko lana egiten ari da arabiar ondare kulturala babesten eta berreskuratzen, alfabetatze eta eskolatzearen alorrean, gizarteko zenbait arazoren kontrako lanean (droga…) eta emakumearen integrazioaren aldekoan. Bestalde, zenbait bitartekaritza eta lekuan lekuko hitzarmenak lortzeko lagungarri izan da, adibidez Arabiar Ekimen Ekonomiko Bateratua osatzeko, zeinetan jaso baitira erakundearen elkarlan ekonomikoaren oinarriak. ■ Egitura eta antolaketa. Ligako herrialde guztiek osaturiko Kontseilua da erakundearen organo nagusia; herrialdeez gainera 15 batzordek osatzen dute Kontseilua, hainbat gairen inguruko (finantzak, ekonomia, komunikazioak, etab.) aholkularitzan dihardutenak. Herrialde bakoitzak boto bana du eta gehiengoz hartzen dira erabakiak, nahiz eta botoa ematen duenak bakarrik bete behar dituen erabakitakoak. Bi bilera egiten dira urtean, gutxienez, eta bilkura bereziak egin daitezke bi kidek gutxienez hala eskatuz gero. Kontseiluaren erabakiak aurrera eramateaz eta administrazioaz Idazkaritza Orokorrak du ardura nagusia, Idazkari Orokorra duela buru. Bost urtez behin hautatzen da idazkaria, Kontseiluaren eta idazkaritzaren bidez, eta zenbait alorretan eskumenak dituzten hainbat sailetatik (ekonomia, legegintza, politika) jasotzen du laguntza bere lana aurrera eramateko. Erakundeak baditu, orobat, zenbait organismo eta agentzia, adibidez Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Arabiar Funtsa, Arabiar Batasun Ekonomikoaren Kontseilua, Arabiar Diru Funtsa etab.