Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

apartheid

(Eusk., "bereizketa"). Hegoafrikako gobernu zuriak herrialde hartako gehiengo ez-zuriaren aurka ezarritako arraza, politika eta ekonomia bereizkeriako politikaren izena. ■ Arraza bereizketa, legez onartua, zabal praktikatu zen Hegoafrikan Alderdi Nazionalak 1948an gobernuaren kontrola lortu baino lehen ere. Alderdi Nazionalak lege berriak onartu zituen bere politika gauzatu ahal izateko. Horrela, 1950eko lege baten arabera hiru talde nagusitan banatu ziren hegoafrikarrak: zuriak, bertakoak (bantuak edo afrikarrak deituak gero) eta mestizoak (nahasketen ondorengoak). Bertakoak eta mestizoak etnia, hizkuntza eta kulturaren arabera bereizi ziren, eta legea asiar jatorriko biztanleei ezarri zieten gero. Gobernuak bizitzeko eta lan egiteko eremu bereziak sortu zituen arraza bakoitzarentzat, eta herritarrek baimen bereziak behar zituzten eremu horietatik irteteko. 1950eko Biztanle Erroldaren Legeaz gero, pertsonak, nortasun agirietan, zuri, bantu edo mestizo gisa sailkatzen ziren. Beste lege batzuek arrazen arteko harremanak debekatu zituzten, zentro publikoetan bereizkeria onartu zuten, hezkuntza eredu desberdinak ezarri zituzten, arraza bakoitza lanbide jakin batzuetara behartu zuten, eta zuriak ez zirenei gobernuan parte hartzea debekatu zieten. 1951ko Bantu Agintaritzaren Legeak leinukako antolakuntza onartu zuen berriro, eta 1959ko Bantuen Autogobernua Sustatzeko Legeak hamar homeland edo aberri sortu zituen haientzat. 1970eko Bantuen Homeland-etako Herritartasun Legearen arabera, afrikar beltz bakoitza, bere orduko bizilekua gorabehera, homeland horietako bateko herritar bihurtu zen. Hamarretik lau homelandek lortu zuten burujabetasuna; besteek, Black States deituak, nolabaiteko autogobernua zuten. ■ Apartheidaren kontrako oposizioa ez zen haatik gelditu, ez Hegoafrikan ez Hegoafrikatik kanpo. Zuri talde batzuen laguntzarekin, afrikar beltzen taldeak –eta batez ere African National Congress alderdiak (ANC)– manifestazioak eta grebak deitu zituen. Hegoafrika Commonwealth erakundetik bota zuten, 1961ean, erakundeko beste herrialde kideek haren politika arrazista onartu ez zutenean. 1980ko hamarraldiaren erdialdean Hegoafrikaren aurkako zigor ekonomikoak ezartzen hasi ziren, eta lege aldaketa txikiren bat edo beste egin zuten, batez ere 1989an agintaritza hartu zuen gobernuaren agintaldian. Aldaketa nagusia ANC alderdiaren legezkotasuna onartzea izan zen eta alderdiko burua, Nelson Mandela, kartzelatik ateratzea. ANC eta Hegoafrikako gobernuaren arteko hitzarmen historiko batean, ANCk bertan behera utzi zuen zurien gutxiengoaren aurkako borroka armatua preso politikoen askatasunaren ordez. Handik gutxira, beltzen eskubide politikoak onartuko zituen konstituzio berri baterako zirriborroa negoziatzen hasi ziren. 1991n, apartheidaren azken legezko zutabea, jaioberri guztien arrazakako sailkapena agintzen zuen 1950eko legea, bertan behera geratu zen.