Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aouita, Said

Atleta marokoarra (Kénitra, Maroko, 1959). Bere aurretik mundu mailako iraupen lasterkari afrikar eta magrebtarrik izan bazen ere, Said Aouitak iraupen erdiko lasterketara hedatu zuen afrikarren nagusitasuna, bera izan baitzen horretan errege 1980ko hamarkadan, atleta britainiarrei aurrea hartuta. Honako mundu errekor hauek izan zituen: 1.500 metrokoa (1985), 2.000 metrokoa (1987), bi miliakoa (1987) eta 3.000 metrokoa (1989). Bere garaipenetan nabarmentzekoak dira 5.000 metrotan 1984ko titulu olinpiarra eta 1987ko mundukoa, eta pista estaliko 3.000 metrotan 1989ko munduko titulua. 1.500 metrokoan berriz brontzezko domina besterik ez zuen irabazi 1983ko Munduko txapelketan, 1985-1991 bitartean 1.500eko eta miliako 39 lasterketa irabazi baldin bazituen ere jarraian. Bera izan zen 5.000 metroko lasterketa guztietan garaile 1979-1989 bitartean. 1985-1987 bitartean 44 lasterketa irabazi zituen jarraian, distantzia guztietan. Erretiratu zenerako izan diren lau marka onenetatik bi eskuratuak zituen 1.500 metrotan, hiru marka onenetatik bi miliakoan, bederatzietatik bost 3.000 metrotan eta hamabietatik sei 5.000 metrotan. Ez zuen Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartzerik izan min hartuta zegoelako, eta betiko utzi zuen lasterketa.