Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antigua eta Barbuda

Antilla Txikietako estatua, Guadalupe uhartearen iparraldean. Hiru uharte nagusik osatzen dute estatua: Antigua (280 km2), Barbuda (161 km2) eta Redonda (ez da inor bizi, km2 bat). 442 km2 eta 84.522 biztanle (2008ko estimazioaren arabera, antiguarrak). Hiriburua: Saint-John’s (86.000 biztanle). Dirua: Ekialdeko Karibeko dolarra. Hizkuntzak: ingelesa (ofiziala) eta bertako dialektoak. Erlijioak: kristauak, anglikanoak batez ere. ■ Britainia Handiko Koroari loturiko estatua izan da 1967az geroztik, eta Commonwealth-eko kidea; 1981eko azaroan lortu zuen independentzia. ■ Antigua garaiera txikiko uhartea da, Boggy tontorra da garaiena (405 m). Barbuda, berriz, uharriz osatutako uharte laua da; harea fineko hondartza ugari ditu. Klima tropikala du estatuak; sasoi lehorra izaten da. Antigua eta Barbudako ekonomia turismoan oinarritzen da; horrez gainera, kotoia, fruituak eta azukre kanabera lantzen dira. Barbudan arrantza garrantzi handiko jarduera da. Industriari dagokionez, aipatzekoak dira petrolioa, rona, ehunak, altzariak eta tresna elektrikoak. 1990ean barne produktu gordina 363 milioi dolarrekoa izan zen, eta per capita diru sarrera 4.600 dolarrekoa. Herrialdeko biztanle gehienak Afrikako esklabo beltzen ondorengoak dira. ■ Ekonomia. Antigua eta Barbudako ekonomia jarduera nagusia turismoa da, luxuzko turismoa. Garrantzi handia dute, halaber, finantza arloak eta inbertsioen arloak. Nekazaritza barne premiak asetzeko egiten da, batez ere. ■ Historia. Antigua eta Barbudako lehenengo biztanleak amerindiarrak izan ziren. Kolono espainar eta frantsesen ondoren, ingelesak iritsi ziren uhartera; Irlandatik eramandako katolikoekin osatu zuten kolonia. 1960an konstituzio bat onartu zen eta autogobernua ezarri zen, baina Londresek botere handia izaten jarraitu zuen. 1967an, britainiar koroari atxikitako estatu bihurtu zen. 1981ean lortu zuten Antigua eta Barbudak erabateko independentzia. Indenpendentziarako prozesua ALP (Antigua Labour Party) alderdi laboristak bideratu zuen, Vere Bird buru zela. Alderdi hori izan zen nagusia, harik eta 1991n ustelkeria salaketa batez baliaturik oposizioko alderdi guztiak UPP (United Progressive Party) alderdian bildu ziren arte. 2004az geroztik alderdi horretako hautagai Baldwin Spencer da Lehen Ministroa.
http://www.antigua-barbuda.org/