Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

anorexia

Med. Buruko anorexia. Modu aski sistematikoz elikatzeari uko egitea dakarren eritasuna, anorexia nerbioso ere esaten zaiona. Buruko anorexia gehienbat nerabezaroan agertzen da, eta emakumeei eragiten die ia beti (kasu guztien % 80). Anorexiak jotakoa sarritan oso pertsona argia izaten da, aktiboa, eta ikasketa edo bizitza profesionalean batere arazorik gabea. Zenbaitetan goseak bada, ez duela horregatik sufritzen esan ohi du. Pisua duelarik beti buruan, heste-aringarri edo diuretiko gehiegi har dezake argaltzearren. Bulimia (gehiegizko gosea) aldiak ere izaten ditzake, askotan gaixoak eragindako gorakoekin lotuak. ■ Zergatiak. Adituak ez dira oraindik ados jarri anorexiari buruzko zergatietan. Buruko anorexiak arazo afektiboak ezkutatzen ditu ia beti, familiartekoak (amarekikoak gehienetan), edota profesionalak. Era berean, badirudi barau eginez emakume izateari eta bizitza sexualari lotutako aldaketa fisikoak eta psikologikoak menderatu nahi dituela neska gazteak (hau da, pubertaroa, hilekoa, maitasun harremanak, haurdunaldia). Beste ikertzaile batzuen iritziz, loditasunaren fobiak sortua da buruko anorexia, edota hipotalamoaren akats batek. ■ Sintomak eta ezaugarriak. Sintomarik nabarmenena noski pisua galtzea da, eta argaltasuna ikaragarria izatera irits daiteke, eriak sarritan horretaz jabetzen ez diren arren. Amenorrea (hilekoa etetea) anorexiaren ezaugarri ohikoa izaten da. Idorreria larria eta gorabehera kimikoak ere sortzen dira sarritan, gutxiegi jatearen ondorio zuzenak izaten direnak. ■ Sendabidea. Arduratsua izan behar da, baina era berean oso zehatza. Egoera desdramatizatzeko, beharrezkoa izaten da familiarengandik urruntzea, eta aldi batez ospitalean egotea, psikiatra, psikologo eta elikaduran espezializaturiko adituen kontrolpean. Pisua berreskuratzea, berez helburu nagusia ez den arren, sendabide psikoterapikoaren eta erabilitako neurri dietetikoen arrakastaren erakusgarria izaten da. Angustia eta depresioa diren kasuetan, sendagai antsiolitikoak eta antidepresiboak erabil daitezke. Behin pisua egokia denean, zenbait hilabetez, eta batzuetan zenbait urtez, egin behar izaten da psikoterapia, anorexia ez dadin berriz sortu. ■ Bularreko haurraren anorexia. Sarritan, bularreko haurraren anorexia izaten da 3 eta 24 hilabete bitarteko haurrengan maizenik ikusten den elikadura arazoa. Anorexia honen larritasuna eta iraupena mugatuak izaten dira, eta gehienetan antzeman ere ez da egiten. ■ Bularreko haurraren anorexia arrunta. Elikagaiak ukatzearen forma areagotua da. Normalean bat-bateko uko horri inguruneak erantzun desegokia ematen dionean sortzen da. Sarritan haurraren bizitzako gertaeraren batekin lotua egoten da: hortzak ateratzea, titia kentzea, eritasun infekziosoren bat (errinofaringitisa, adibidez), anai edo arreba baten jaiotza, aita edo ama lanera itzultzea, familiako arazoak. Bularreko haur anorexikoak, otorduetan jan nahi ez badu ere, egunean zehar janaria lardaskatzen du, eta edaria beti onartzen du. Sarritan gurasoek edozer gauza egiten dute haurrak jan dezan: jolasa, ipuinak, aginduak, haurra ikaratu. Arazoa are larriagotzen da, sarritan gertatzen baita haurrak behar bezala jaten duela beste pertsonekin (neskamea, aitona-amonak, haurtzaindegia). ■ Eritasun organiko sendagarri baten posibilitatea baztertuko duen azterketa kliniko baten ondoren, sendagileak aholkuak ematen dizkie gurasoei, familiaren ohiturei eta haurraren garapenari egokituak: elikagaiak eskaini eta haurrak ukatzen baditu baztertu, haurrari hatzekin jaten utzi, otorduen ordutegi zorrotzak utzi, haurrarekin gehiago jolastu, etab. Anorexia arrunt gehienek ez dute askorik irauten berehala heltzen bazaie. Pisua hartzeak luze jotzen du, baina pixkana-pixkana iristen dute pisu egokia. Alabaina, pisua hartu ordez gero eta gehaigo argaltzen bada haurra, beste ondoezen baten eta diagnosi okerraren seinale izan daiteke. ■ Anorexia larria. Ez da aurrekoa bezain ohikoa, eta haurra jaio eta egun gutxira ager daiteke. Haurrak atzerapen nabarmena izaten du, eta garapen psikomotorra eta kognitiboa moteldu egiten dira. Diagnosiak hiru eratakoak izan daitezke: anorexia arrunta, ondo sendatu ez bada, anorexia larri bihur daiteke baldin guraso-haur harremana asko hondatu bada; anorexia larria, eritasun organiko baten ondorioa izan daitekeena; elikagaiak hartzeari uko egitea, kasu horretan, ez da jada jokabidearen arazoa, aldiz, gose sentipenaren desagerpen patologikoa izaten da; azkenik, anorexia larria arazo psikopatologikoen agergarri izan daiteke. Halakoetan bestelako sintomak ere izaten dira, anorexiari lotuak: loaren arazoak, haurraren ikasketa psikomotor eta kognitiboen erregulartasun falta, jokabide bitxiak (apatia eta agresibitatea), komunikazio eta sozializazio nahasiak.