Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

anestesia

iz. Med. Sentiberatasun falta, erabatekoa edo zati batena, gaitz baten ondorioz edo artifizialki eragina, gorputz osoari edo gorputzaren atal bati dagokiona. Aldi batekoa edo kronikoa izan daiteke; elementu berezi baten bidez edo gaitz baten ondorioz sortzen da. Ebakuntzetan erabili ohi dira anestesia sortzeko asmatu diren gai artifizialak. Bi eratakoak izaten dira hauek: kirio sistema zentralean eragiten duena, anestesia orokorra, eta sentiberatasunaren berri hartzen duten kirioetan eragiten duena, gorputzaren atal bateko anestesia. Lehen motakoak gorputz osoarengan eragiten du eta oharmena ere galdu egiten da. Bi eratako anestesia orokorrak erabiltzen dira, usaindu egiten dira batzuk eta ziztatu berriz besteak. Lau aldi bereizten dira era horretako anestesiak erabiliz gero: lehenik minarekiko sentiberatasuna galtzen da; bigarrenak ameskeriak sortarazten ditu; hirugarrenak loa ekartzen du, minarekiko sentiberatasuna kendu eta azkenik gelditu egiten du arnasketa. Gorputzaren atal bateko anestesian aldiz, ez da oharmena galtzen. Era horretako anestesiaren barruan hainbat mota daude, anestesian erabiltzen den gaiaren eta horren baliakeraren arabera. Antzina kokaina erabiltzen hasi ziren anestesiko lokal bezala baina arriskutsua zelarik, baztertuta geratu da eta beste elementu batzuen bidez lortu dira anestesiko sintetikoak, nobokaina adibidez. Anestesiatan espezialista direnek erabakitzen dute une bakoitzean zein motatako anestesia den komenigarria.  v  Historia. Antzinaroan eta Erdi Aroan drogak erabiltzen ziren mina kentzeko, lobelarra, haxisa, opioa eta alkohola batez ere. XIX. mendera arte ez zen benetako anestesia lortzeko biderik aurkitu. Horace Welles (1844) eta William Morton dentistek erabili zuten lehenengo aldiz anestesia orokorra. Wellesek oxido nitrosoaren tasunak aurkitu zituen eta Mortonek berriz eterrarenak. Crawford Longek Mortonek baino lehen erabili zuen eterra, baina ez zituen azaldu bere lanaren ondorioak. Simpson medikuak erabili zuen kloroformoa anestesiko orokor bezala. Aldiz, gorputzaren atal bateko anestesia lortzeko ez zen ahaleginik egin XIX. mendearen bukaera. Carl Koller-ek aurkitu zituen kokainak anestesiarako zituen tasun onuragarriak, baina gerora baztertu egin da gai hori arriskutsua delako. Horren ondorioz, antzeko tasunak dituzten gai sintetikoak bilatu dira, eta aurrerakuntza handiak izan dira anestesiaren alorrean. 1904an lortu zen anestesiarako droga sintetiko egoki bat, nobokaina edo prokaina izena duena. Dena dela, gaur egun ere, anestesiko berri eta hobeen bila jarraitzen dute kimikariek.