Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Andia, Rafaël

Frantses gitarra jotzailea (Mont-de-Marsan, 1942). Sei urte zituela hasi zen biolina eta hezkuntza klasikoko gainerako ikasgaiak ikasten, baina laster azaldu zuen gitarrarako zaletasuna. Hemezortzi urte zituela, Espainiara joan zen flamenkoa sakonki ezagutzera. Gero, 1981ean, bere ikerketako bat, Le Flamenco (Guide de la Guitarre) eskaini zion genero horri. Buru-belarri gitarraren munduan murgildurik, Alberto Ponce eta Emilio Pujolen aholku tekniko eta artistikoak jaso zituen. Gitarra klasiko eta flamenkoa, biak lantzen ditu. 1971z geroztik, Parisko École Normaleko irakasle da, eta bertan gitarra barrokoaren irakasgaia sortu zuen 1976an. Honela, musika-tresna honen aitzindari bilakatu zen, eta gitarra mota honi buruzko ikerketa bat ere argitaratu zuen 1977an. 1973an, ORTFren nazioarteko lehiaketan bigarren saria irabazi zuenean hasi zen gitarra kontzertuak ematen. Gitarra jotzaile gisa, André Joliveten Tombeau de Robert de Visée, Claude Ballifen Solfegietto edo Christian Murailen Tellur lanak interpretatu zituen lehen aldiz. Gitarra jotzaile izateaz gainera, fisikako doktore titulua ere badu.