Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Andersen, Hans Christian

Daniar idazlea (Odense, 1805 - Kopenhage, 1875). Zapatari baten semea, 1819an Kopenagera aldatu zen antzerkian arrakasta izateko asmoz. Proiektu horiek hutsean geratu ziren, baina babesle ahaltsuen faborea bereturik, 1828an batxiler titulua eskuratu zuen. Bidaiatzeari ekin zion, eta Alemania, Frantzia, Italia, Grezia, Turkia, Suedia, Espainia eta Britainia Handia ezagutuz. Esperientzia horiek bildu zituen zenbait bidaia liburutan (Harz-era egin bidaiaren isladak, 1875; Espainian, 1863). Antzerki-obrekin (San Nikolas dorreko amodioa, 1835) ez zuen arrakasta handirik lortu, olerkigintzan ez bezala. Garrantzi handiagokoak dira haren eleberriak: Inprobisatzailea, 1835; O.T., 1836; Biolinista besterik ez, 1837; Bi baronesak, 1848; Izan ala ez izan, 1857. Haren ipuinek, alabaina, ekarri zioten beste bideetatik iritsi gogo zuen ospea.  v  Andersenen Ipuinak. Hans Christian Andersenek 1835etik 1875era idatzitakoak. 164 ipuinok herri-kontakizunetan dute iturburua eta pertsonaiak eta gertaerak historiatik zein elezaharretatik, eguneroko bizitzatik eta are idazlearen beraren bizitzatik atereak dira. Haurrei zuzenduak izanik ere, ipuin hauen irudimen poetikoak eta anekdotaren atzean ezkutatzen den zentzu moral edo filosofikoak helduen interesa erakarri zuten. Literatura unibertsaleko obra nagusien artean kokatu ohi dira.