Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anaximandro

Greziar filosofoa (Mileto, K.a. 610 inguruan - 547 inguruan). Taleren ikaslea, beronen ondoren Miletoko eskolako zuzendaria izan zen. Bere irakaslea bezala, matematika, astronomia eta geografia alorretan nabarmendu zen. Mundu ezagunaren lehen mapa egin zuen eta beste zenbait asmaketa ere berak egintzat ematen dira, hala nola gnomon edo eguzki-erlojua eta lehen ortze esfera. Bere idazkietatik, geroago Izadiari buruz izenburupean bildurik, zati gutxi eta laburrak geratu dira. Horien arabera, unibertsoa azaltzerakoan materia mugagabe eta betierekoa ezartzen du elementu eta izaki guztien oinarri gisa. Aristotelesen interpretazioan Anaximandroren amaigabe hau materia zehaztu gabea bide da: aurkari guztiak dauzka bere barnean (beroa eta hotza, hezea eta lehorra, etab.), eta agertzen direnean, bereizi egiten dira. Sortzeak oro aurkakoen bereizkuntza dira; heriotzak oro, mugagabean berriro gertatzen den elkarketa. Gogoeta hauek Heraklitorenak ekartzen dituzte gogora. Eboluzionismoaren aurreko teoriko gisa ere hartu izan da, gizona arrainetik datorrela esaten baitzuen.