Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amigo Quincoces, Angel

Gipuzkoar zinema ekoizlea (Errenteria, 1952). Informazio zientzietan eta soziologian lizentziatua. Euskal zinema ekoizleen aitzindaria izan da. 1986. urtean Donostian Igeldo Komunikazioa ekoiztetxea sortu zuen. Segoviako ihesa (1981) filma ekoitzi ondoren, hamaika film luze jarri ditu kalean, eta gidoilari lanetan ere aritua da. Besteak beste, Albaniaren konkista (1983), Hamaseigarrenean aidanez (1995), Ander eta Yul (1988), El invierno en Lisboa (1990), El sol del membrillo (1992), Maité, (1994), Todo está oscuro (1997), Sí, quiero (1998) eta Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan (2001) filmak ekoitzi ditu, herri askotako beste enpresa batzuekin koproduzioan egin dituenak aipatu gabe. Euskal Telebistarentzat ere hainbat telesail ekoiztu ditu: Bi eta bat (1991), Jaun eta Jabe (1995), eta Maité (1994) izan dira arrakastatsuenak. Azken urteotan dokumentalak ere ekoitzi ditu; azken dokumentalen artean Lumière y compañía (1995), El Che (1997) eta La mafia en la Habana (2000) aipa daitezke.