Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amenábar Cantos, Alejandro

Espainiar zinema zuzendaria (Santiago, Txile, 1972). Bere familiak Madrila alde egin zuen Pinochetek estatu kolpea eman baino lehenxeago. Irudi eta soinu ikasketak hasi zituen informazio zientzien fakultatean, baina zinemaren munduan sartu zen buru-belarri eta ez zituen ikasketa haiek amaitu. La cabeza (1991) filmak Zinemagile Amateurren Elkarte Independentearen saria jaso zuen; gero Himenóptero (1992) film ertainarekin Elxeko eta Carabancheleko jaialdietako sariak irabazi zituen. 1994an Antes del beso eta Soñé que te mataba filmetan esku hartu zuen, eta Luna idatzi eta zuzendu zuen. Azken film horrek Luis García Berlanga saria jaso zuen. Tesis izan zen bere lehendabiziko film luzea, snuff movies-en gaia erabiltzen duen suspenseko filma; arrakasta handia izan zuen eta Zinemako Goya sarien 7 estatua irabazi zituen. Bere azken filma, Abre los ojos ere suspensekoa da, baina aurrekoak baino kutsu psikologiko handiagoa du.