Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Amarna, Tell al

Egipto Garaian dagoen tokia, Nilo ibaiaren ekialdeko bazterrean, Asyut probintzian. Antzinako Akhetaton hiria zegoen lekuan dago. Amenhotep IV.ak eraiki zuen Akhetaton (K.a. 1360) eta bertako tenplu handia eta jauregia. Alemaniako eta Ingalaterrako espedizioak aritu dira lanean bertako aztarnategietan eta 300 bat xafla aurkitu dira, kuneiforme idazkeraz idatziak, Egiptok Babiloniarekin, Asiriarekin eta ekialdeko beste zenbait naziorekin izandako tratuen eskutitzak jasotzen dituztenak, eta garai hartako diplomazia harremanen nondik norakoa ezagutzera eman dutenak. Orobat aurkitu dira harkaitzetan egindako zenbait hilobi ere. Beste aurkikuntzak: Nefertitiren jauregia, zoologiko bat eta lorategia, eta akropoli handi baten aztarnak, azken honi esker ezagutu delarik nolakoak ziren garai hartako erlijioa, bizimodua eta zibilizazioa.