Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Altxerri

Aian (Gipuzkoa) kokaturiko leizea. Oriotik kilometro batera, Beoate (Beogarate) mendiko ekialdeko hegalean, 1962an ehunetik gorako historiaurreko irudiak aurkitu ziren bertan. Berezko sarbidea itsutua izanik, harrobi batean eginiko sarreratik iristen da 2.200 m luze den leize honetara. Hormetako margolan eta grabatuetan hainbat animalia mota daude irudikatuta: oreina, sarrioa, elur oreina, bisontea, zaldia, zezena, ahuntza, azeria, etab. Halaber, bi irudi giza itxurako, beste bat zuhaitz itxurakoa eta zeinu, lerro eta puntu asko ikus daitezke. Nabarmentzekoak dira bisonte baten neurriak: 4,20 m luze eta 2,10 m altu. Altxerri Euskal Herriko Paleolitoko haitzuloetako artearen adibidea da, beste askorekin batera (Alkerdi, Ekain, Isturitze, Laperra, Santimamiñe…). Apellániz eta Altunak haitzulo honi eskainiriko monografian Madeleine Aro IV., V. eta VI.ean kokatzen dute.