Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Almodóvar, Pedro

Espainiar zinemagilea (Calzada de Calatrava, Ciudad Real, 1949). 1980koa da bere lehen filma Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón. Handik lau urtera egin zuen ¿Qué he hecho yo para merecer esto? (1984), bere laugarren filma, etxekoandre dohakabe baina hala ere menderagaitz baten erretratu gogoangarria agertu zuena, Carmen Maura protagonista zela. Huraxe izan zen bere hurrengo bi filmetan ere antzezle nagusia, hots, La ley del deseo (1986) eta Mujeres al borde de un ataque de nervios (1987) filmetan. Azken honetan, bazterreko pertsonaiak alde bat utzita, Franco hil ondoren, 1980ko hamarkadako ekonomiaren goraldian sortzen den gizartea deskribatzen du komedia bizi-bizi batean. Espainiako zinemagintzaren historian arrakasta handiena izan duen filma izateaz gainera, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen 1988an. Gero Átame (1989) eta Tacones lejanos (1991) egin zituen, Victoria Abril protagonista zela. Almodóvarren film gehienetan krisialdian dauden emakumeak dira protagonista, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Espainiako gizartearen gorabeherak islatzen jakin du, hasierako euforia eta ondorengo balioen krisia eta nahastea. Horren adibide garbia da, esate baterako, La flor de mi secreto (1995), nobela arrosen idazle arrakastatsua izan arren bere bizitza pertsonalean porrot egin duen emakume baten istorioa. 2000. urtean atzerriko film onenaren Oscar saria eman zioten Todo sobre mi madre (1999) filmagatik.