Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Almagro, Diego de

Espainiar konkistatzailea (Almagro, 1475 - Cusco, 1538). Pedrarías Dávila-ren agindupean Panamako okupazio ekinaldietan esku hartu zuen (1514). Pascual de Andagoyak «El Dorado» lurraldearen berri zabaldu zuenean, Almagrok eta Pizarrok elkarte bat moldatu zuten hegoaldean espedizioak antolatzeko. Pizarrok, 1530ean abiaturik, inken inperioa beretu zuen. 1533an Almagro Pizarrorekin batu zen Cajamarcan, beronen eskuetatik Atahualparen altxorretik zegokion partea hartuz; elkarrekin Cuscora abiatu eta hiria hartu zuten. Espedizio bat antolatu zuen egun Txile den lurraldera, baina ondorio onik gabe. Lurralde zatiketa berri baten arabera Nueva Toledo zeritzana egokitu zitzaion, baina ez zegoen garbi Cusco haren barne aurkitzen zen, ala Pizarrori egokituriko Nueva Castillan. Handik aurrera gerra piztu zen bien artean. Hasieran, Almagroren aldekoek Pizarro anaiak garaitu zituzten Abancayn (1537) eta haietako bi, Hernando eta Gonzalo, preso hartu zituen. Almagrok arartekotza onartu zuen, baina Pizarrotarrek ez zuten bete. Salinaseko guduan (1538ko apirila) Almagro garaitua eta atxilotua izan zen eta handik bi hilabetera hil zuten.