Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alhambra

(Arab. al-Hamra, «gorria») Granadako errege mairuen gobernu hiri zaharra. Eraikuntza, Espainiako arkitektura multzo arabiarren arteko garrantzizkoena da egun. Muhammad al-Ahmar lehen errege nazariarraren garaian eraiki zen (1238), Sabika (Eguzkiaren muinoa) muinoaren gainean. Hiri zahar hartatik al-qasaba (gotorlekua), Yusuf I.ak jasoriko jauregiak (1332-1354) eta Muhammad V.ak Lehoien Patioaren inguruan eraikiriko jauregiak (1368-1392) baizik ez dute iraun. Bi hauek dira Erdi Aroko arkitektura islamiarrean hobekien gorde diren jauregiak. Alhambrako lorategi guztien artean, Generalife (jannat-al-Arif) izenekoak baizik ez du jatorrizko egitura gorde. 1526. urtean Karlos V.ak italiar estiloko jauregi bat jasoarazi zuen besteen ondoan.