Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alcaraz, Jordi

Katalan musikagilea (San Feliu de Llobregat, Bartzelona, 1943). Organo ikasketak egin zituen, hasieran Bartzelonan, Montserrat Torrentekin, eta gero Stuttgart, Praga, Siena eta Malinasen. Alemaniako Ulmen konposizioa ikasi zuen B. Röwenstrunckekin. Kataluniako musikagile belaunaldi gaztearen ordezkari nagusietakotzat jotzen delarik, hainbat konposizio sari irabazi eta Bartzelonako Kontserbatorioko organo irakaslea da. Alcarazen lanek egitura librea izaten dute, eta hauek dira aipagarrienak: Simetriak (1971), hainbat musika tresnakoa; organorako Asmakuntzak, orkestrarako Recyclage (1977), Hari eta perkusio instrumentuetarako fantasia (1976), pianorako Guneak (1978) eta Cançons tradicionals catalanes (1969, Kataluniako kanta tradizionalak).